KARRASKANen Berrikuntza eta Kulturari buruzko IX. Jardunaldi hau GETXOPHOTO jaialdiaren esparruan izango da. 2023an, jaialdiaren gaia ETENA! izango da, gelditzea bezala ulertuta, baina baita beste era batera presente egotea bezala ere. KARRASKANen uste dugu leku batean-beste batzuekin batera hori egitea, energiak batzea, elkar osatzea eta interesak gurutzatzea, berez konfabulazio-saiakera bat dela.


Gonbidapen bat kultura eta sormenaren eragile eta langileei (baina ez horientzat bakarrik). Jardunaldi horretan elkarrekin gelditzeko deia egiten dugu. Eten bat, lasaitasun tarte bat hartzeko baldintzak sortzea dena, momentu batez, gurekin batera datozen presa, larritasun eta min horietatik libratzeko. Eten bat, gure burua topatzea, gorputzak sentitzea dena, eta hortik galdetzea prekarietate, ziurgabetasun, gainekoizpen, gehiegizko programazio, arreta eta baliabideengatik eragileen arteko lehia eta gelditzeko denbora ezari buruz. Eta energia txikien batuketatik abiatuta mugimendu bat artikulatzeko aukerari buruz galdetzea, ezer ez lortzeko aukerarekin, baina, aldi berean, gure lan- eta bizi-baldintzak aldatzeko aukerarekin. Geldialdi bat, koreografia batean beste lehen urrats bat dena. Atariko bat. 0 ekintza bat.


Sentsazio arraro batek, ondoez batek, desira batek zeharkatzen gaituelako, eta uste dugu elkartuz gero hobeto ulertu eta maneiatu ahal izango dugula. Kolektiboki antolatzeaz hitz egiten dugulako, baina bakarrik denbora gehiegi ematen dugulako. Bidezidorrik ez dagoela badakigulako, antolatzeko denbora, ahalegina, ezagutza, pazientzia, baliabideak... behar direla. Nekatuta gaudelako ia mugitzen ez den baina, hala ere, pixka bat mugitzen ari garen horren kontra etengabe talka egiteagatik. Baina mugitzen saiatzeak nekatu egiten du. Antolakuntzak, antolatzeak, nekatu egiten duelako. Eta, gainera, askotan soluzioak garatzen saiatzen gara, arazoak zehazten ditugun bitartean, eta gauza bat bestearekin korapilatzen da. Eta «meloi» deitzen diogu. Eta hartzitzen direla dirudi. Baina hori ez da nahitaez txarra. Modu batera edo bestera, hartziduraren eta arrastatzearen aldean egotea aukeratu dugulako. Geratzea aukeratu dugu. Gelditzea geratzea baita.


Egia esan, aurreko topaketa, jardunaldi eta bilera askotan jada horri buruz hitz egin dugu. Baina ez du axola. Beste behin egin dezagun. Elkartu gaitezen irakurtzera, arnastera, entzutera, pentsatzera, (ber)ezagutzera, jatera, konfabulatzera. Eta, hortik aurrera, gerta dadila gerta beharrekoa.


Interpelatuta sentitu bazara, sentsazio arraro horrek ere zeharkatzen bazaitu, hemen duzu programaren aurrerapena.